Cabecera contenido seccion calidad

Eduki publikatzailea

Ezarpenaren kronologia

    Ertzaintzak beti nahi izan du bere ezaugarriak profesionaltasuna, herritarrei tratu aparta ematea eta hobetzeko grina izatea, bere zerbitzuen hartzaile den gizarteari ahalik eta arretarik onena emateko asmoz.

    1999an aurrerapauso bat ematea erabaki zen, eta une hartan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingoko sailburua zenak, Legebiltzarrean, legegintzaldiaren hasierako agerraldian, helburu gisa ezarri zuen UNE-EN-ISO arauetan oinarritako kalitate-sistema bat garatzea, gizarteari emandako zerbitzuak etengabe hobetzeko helburuarekin. Horretarako, barne-kontrolerako sistemak ezarri ziren, arautu eta idatziz jaso ziren agenteek nola jokatu zehazteko barne-arauak, eta hainbat tresna ezarri ziren sistema barruan arazoak hautemateko eta konpontzeko, zerbitzuarekin zerikusia zuten pertsonen iritziak jakiteko eta Ertzaintzaren Zuzendaritzak prozesuetarako erabakitako helburuen betetze-maila neurtzeko.

    Ahalegin horien emaitza gisa, 2002an Bilboko Ertzain-etxeak atxiloketa-prozesuaren ISO 9001:1994 kalitate-ziurtagiria lortu zuen AENOR ziurtapen-erakunde independentearen eskutik. Lortutako emaitza bikainen ondorioz, lan-metodologia berri hori gainerako ertzain-etxeetara hedatu zen, eta 2004an guztietan zegoen ezarrita. Ordutik kalitate-ziurtagiria etengabe berritu eta zabaldu da, eta horrek egiaztatu du sortu zenetik erakundeak egin duen ahalegina eta lan ona.

    Prozesu horren ezarpenaren kronologiaren berri izateko, eta hasieratik orain arte zer urrats eman diren jakiteko, sakatu hemen.

    1999an ekin zitzaion lehenengo prozesuaren garapenari, UNE-EN ISO arauan oinarrituta. Sailak atxiloketaren prozesua hautatu zuen horretarako, hau da, atxiloketaren eta atxilotuaren zaintzaren inguruko jarduera-multzoa. Horretarako, Segurtasuneko sailburuordearen 29. Instrukzioa hartu zen abiapuntu gisa, eta arauaren baldintzak aplikatzeaz gainera, hainbat organismo eta erakunderen, besteak beste, Arartekoaren, Emakunderen, Osakidetzaren eta beste hainbaten, konpromisoak eta gomendioak ere aplikatu zitzaizkion.

    1999 - 2000: ISO araudiaren alderdi guztiak aztertu eta landu ziren, arauan ezarritako baldintzak betetzeko.

    2001: Sistema Bilboko Ertzain-etxean zabaldu eta ezarri zen, unitate pilotu gisa aukeratu baitzen. Urtean zehar egin ziren barneko lehenengo auditoriak.

     

    2002ko abendua: AENORek Bilboko Ertzain-etxeko atxiloketa-prozesurako eta atxilotuen zaintzarako kalitate-sistema ziurtatu zuen, une hartan ISO 9001:1994 arauan oinarrituta.

    2003: Gasteizko eta Donostiako ertzain-etxeetan atxilotutako pertsonentzat ezarri zen sistema. Eredua ISO 9001:2000 arau berrira egokitu zen, eta ziurtagiria berritu zen.

    2004: Atxiloketa-prozesurako kalitate-sistema ertzain-etxe eta Ertzaintzako trafiko-unitate guztietan (30 unitate) zabaldu eta ezarri zen.

    2005: ISO arauan oinarrituta, prozesu berriak garatzeari ekin zitzaion, horien artean, Etxeko eta Genero Indarkeriari buruzko jarduketak eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearen jarduerak. Aipatu behar da Polizia Zientifikoak, 9001:2000 arau orokorrean oinarrituta hainbat prozesu garatzeaz gainera, ENAC erakundeak (Egiaztatze Erakunde Nazionalak), 17025:2005 arauan oinarrituta, hainbat saiakuntza (DNA Auzitegiko Genetika atalean, eta daktiloskopia Pertsonen Identifikazio atalean) egiaztatzeko ahalegina egin zuela; arau hori laborategi-saiakuntzetarako arau espezifikoa da.

    2007: Barneko dagozkion auditoriak egin ziren, eta AENORi eskatu zitzaion ezarritako prozesu berriak 9001:2000 arauari jarraituz ziurtatzea. Era berean, ENAC erakundeari UNE-EN ISO/17025:2005 arauari zegozkionak ziurtatzeko eskatu zitzaion Polizia Zientifikoaren Unitaterako.

    2008: Apirilean ziurtatu zituen AENORek Etxeko eta Genero Indarkeriaren arloko jarduerei buruzko prozesuak, LIUren jarduketak eta Polizia Zientifikoaren ezaupide fisonomikoa. Irailean Polizia Zientifikoaren laborategiak ziurtatu ziren adierazitako prozesuetan (DNA profilen analisia eta konparazioa Auzitegiko Genetika atalean, eta aztarna lofoskopikoen konparazioa Pertsonen Identifikazioa atalean).

    2009: Polizia Zientifikoaren Unitatean Ebidentziak Kudeatzeko Prozesura hedatu zen ISO 9001 arauan oinarritutako ziurtapenaren helmena.

    2012: Sistema berritzeko auditoria egin zen, eta eredua ISO 9001:2008 araura moldatu zen. Horrez gainera, Polizia Zientifikoaren Unitatean, eta UNE-EN ISO/17025:2005 arauan oinarrituta, helmena hedatu zen, eta aztarna lofoskopiko latenteak agerrarazteko saiakuntzak sartu ziren Lofoskopia eta Begi Ikuskapenak atalean, eta euroko diru-paperaren egiazkotasuna-faltsutasuna erabakitzeko saiakuntzak Dokumentoskopia eta Grafistika atalean.

    2018: Martxoan ziurtagiria berritzeko eta ISO 9001.2015 araura egokitzeko auditoria egin zen. Horrez gainera, LIUren ziurtagiriaren helmena NRBQ erako gertaeretara hedatu zen.

    2019: Azaroan egin zen ziurtagiria berritzeko eta UNE-EN ISO/IEC 17025:2017 araura egokitzeko auditoria.