Cabecera contenido seccion plan estrategico

Eduki publikatzailea

Plan estratégico-eu

Plan estrategikoak

Ertzaintzak Gogoeta Estrategikorako Prozesu bat abiarazita du bere estrategia eta helburuak, eta horiek Segurtasun Saileko gainerako atalen eta Eusko Jaurlaritzaren estrategia eta helburuekin, bereziki, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Planarekin lerrokatzeko modua, ezarri, jakitera eman, jarraitu eta gainbegiratzeko.

Ertzaintzaren Gogoeta Estrategikorako Prozesua elkarren osagarri diren bi fasek osatzen dute. Fase bat lau urtekoa da, Plan Estrategikoa zehaztekoa; eta beste fasea urtekoa da, Urteko Kudeaketa Plana zehaztekoa.

Plan Estrategikoa zehazteko fasea lau urtekoa da, eta Eusko Legebiltzarreko legealdiekin bat etortzen da. Ertzaintzaren Zuzendaritza berria izendatzearekin hasten da. Legebiltzarra behar baino lehen desegingo balitz eta hauteskundeetarako deia egingo balitz, aldatu egingo litzateke Plan Estrategikoaren egutegia, hain zuzen ere, Plan berri bat arduradun berriekin egokitzeko edo berriz zehazteko.

Plan Estrategikoak Ertzaintzaren eredua, Ertzaintzaren Xedea, Ikuspegia eta Balioak eta lortu beharreko helburu estrategikoak berrikusten eta berriro zehazten ditu. Ekitaldi bakoitzean, eta Urteko Kudeaketa Planaren bidez, egindako aurrerapenak egiaztatzen eta berrikusten dira eta garatu beharreko ekintzak eta aurrera zenbat egin den neurtzeko erabilitako adierazleen jomugak zehazten dira.

Plan Estrategikoaren elementuak:

Eduki publikatzailea

Ertzainak harro daude Ertzaintzak jarraitzen duen tradizioaz. Izan ere, herri honen parte den aldetik, gure gizartetik datorren eredua hartu du oinarri, gure lurraldeko bazter guztien idiosinkrasiarekin, kulturarekin, hizkuntzarekin eta izateko eta jarduteko moduekin bat etorriz.

Erro historiko eta juridiko foraletik jaso du oinordetzan bere oinarria, alegia: giza eskubideekiko errespetua. Eta errespetu hori konpromiso proaktiboan islatzen da, uste sendotik eta betebeharraren zentzutik abiatuta eta ez legaltasuna betetze hutsetik.

Ertzantzaren ereduak zerbitzu publikoa dela nabarmentzen du, eta, horrenbestez, hura osatzen duten profesional guztiek egunero egiaztatu beharko dute izaera hori eginkizun guztietan. Hala, Ertzaintzak, zerbitzu publikoa izanik, argiro zuzenduko du bere jarduera herritarren premiei erantzutera, egokiro erantzun behar baitie haien eskaerei, eskaera horiek segurtasunekoak zein laguntzakoak izan.

Misioak, ikuskerak eta balioek osatuko dute erreferentzia-esparrua herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak orientatzeko. Erakundea osatzen duten pertsona guztiek hori guztia barneratzen duten heinean, egokiro erantzungo dute.

Ertzainek konpromiso maila handiarekin eta Ertzaintzako kide izateak dakarren sentimendu handiarekin jardungo dute. Horri esker, aurrera egingo de Ertzaintza osatzen duten atalen arteko harremanetan, eta erakundearen osoko ikuspegia izango dute partaide diren talde modura. Horrek guztiak kolektiboaren irudia indartzea ekarriko du.

Ertzaintzak lagunduko du pertsona guztiek gaitasun pertsonalak garatzeko aukera izan dezaten, eta bertan tratu- eta aukera-berdintasunerako eskubideak egiazkoa izan dadin.

Ertzaintzako arduradunek, haien maila edozein dela ere, lider izan behar dute pertsonen hazkundea eta erakundearen garapena sustatzeko; hartarako, autonomia , konpromiso eta kudeatzeko gaitasun-maila handia izango dute. Ertzaintzako agintariek erraztu egingo dute ertzainek herritarrei ematen dieten zerbitzua.

Herritarrekin zuzeneko harremanean diharduten langileak erakundearen aurpegia dira, eta, horrenbestez, ekimen pertsonala atxikiko dute zerbitzu polizial guztiak eskaintzeko garaian, baita laguntza-zerbitzuetan ere. Prestakuntza tekniko handia jasoko dute, bereziki trebetasun sozialetan, herritarrekiko harremana ahalik eta onena izan dadin.

Erakundea osatzen duten pertsonei dagokienez, bereziki garrantzitsua da giza baliabideen politika berritua. Izan ere, politika hori ondo egokitu behar da Ertzaintzaren eredura, haren alde jokatzea ahalbidetzeko.

Ertzaintzak aliantzak izango ditu era guztietako erakundeekin (publiko edo pribatuekin), esparru guztietan. Horri esker, herritarren premia berriak identifikatu ahal izango ditu, baita misioa hobeto bete ere. Ildo horretan, bereziki garrantzitsua izango da Euskadiko udaltzaingoekin lankidetzan aritzea, haiekin batera osatzen baitu Euskal Polizia.

Ertzaintzak hiru mailatan egituratuko ditu era guztietako kanpo harremanak.

Erakunde-mailan, polizia-lana errazten duen erakundeen arteko lankidetza-giroa sustatuko du, eta kritikotzat jotzen diren harremanak zehaztuko ditu, prebentzio-arlokoak lehenetsiz.

Bigarren mailan, Unitateko edo Ertzain-Etxeko buruzagitzak arduratuko dira haien eremuko komunitatearekin harremanak izateaz eta sustatzeaz.

Hirugarren mailan, profesional bakoitza ardura- tuko da herritarren konfiantza bereganatzeaz, herritarren premien aurrean hurbiltasuna, ikus- garritasuna, irisgarritasuna eta prestasuna agertuz, baita behar besteko malgutasuna edukiz ere herritarren arazoak lantzean.

Ertzaintzak herritarrak jarriko ditu bere jardueraren erdigunean; hala, bada, biktimei lagunduko die, haien kasuei edo egindako kudeaketei buruzko informazioa modu proaktiboan eta pertsonalizatuan helarazita.

Elkarrizketarako prest agertuko dira beti, eta, horri esker, posiblea izango da gizarteak erakundetik zer espero duen jakitea, Ertzaintzak herritarrekin zer konpromiso dituen jakinaraztea, egon litezkeen espektatibak orekatzea eta eraginkortasunez eta etenik gabe kontuak ematea.

Gardentasuna eta kontuak ematea ere gakoak izango dira. Datu osoak eta fidagarriak eta bere zerbitzuei eta prozesuei buruzko informazioa eskainiko dizkio, proaktiboki, gizarte osoari, bai eta erakunde aliatuei eta Ertzaintza osatzen duten pertsonei beraiei ere.

Erakundeko interes-talde guztien ekarpenak erabiltzea sustatuko du, bai eta egiteko moduak etengabe berrikustea ere, berrikuntzarako eta etengabeko hobekuntzarako iturri gisa hartuta. Horrez gain, bere jarduerak kontrol-sistema klasikoen mende jarriko ditu (barnekoa edo diziplinakoa, judiziala, defentsa-bulegoak eta legebiltzarrekoa), baita Euskadiko Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordearen ere.

Ertzaintzak inteligentziaz bideratutako prebentzio aktiboko eredua indartuko du, abiapuntu hau hartuta: egote hutsak ez du behar besteko ondorio prebentibo. Prebentzioaren ikuspegiak izaera taktikoa ez ezik, estrategikoa ere izango du. Ikuspuntu horretatik, ikerketa-jarduerek ere eragina izango dute prebentzio-ikuspegian.

Ikerketa Kriminala, inteligentziak gidatua, polizia teknikoan eta zientifikoan oinarrituko da. Ertzaintzak bere profesionalen prestakuntza eta espezializazioa bultzatuko ditu, taldeko lana eta delinkuentziako era guztien aurka borrokatzeko berrikuntza sustatuz (delinkuentzia txikienetik antolatutako krimenetara).

Analisi integratu batean oinarrituko du bere jarduera; haren barruan, eskakizunak eta kanpoko beste analisi batzuk sartuko dira, eta emaitzak neurtuko ditu erakundearen ahaleginak jarduerarik eraginkorrenetan edo balio erantsi handiena ematen dutenetan jartzeko.

Poliziaren jarduera eta eredua bera eraginkortasunez garatzeko, baliabide materialak eta teknologikoak hornitzeko eta gaurkotzeko eta eraldaketa digitala eta teknologikoa gauzatzeko estrategia izango du, eta horrek bermatuko du Ertzaintza polizia moderno bat bezala identifikatzea.

ERTZAINTZAREN MISIOA

Ertzaintza Euskadiko polizia integrala da. Zerbitzura dagoen gizartearekin batera, bakea, segurtasuna eta pertsonen ongizatea sustatzen ditu.

ERTZAINTZAREN IKUSPEGIA

Ertzaintzak aitorpen-maila altua lortu nahi du, etika publikoarekiko eta giza eskubideekiko errespetua sustatzeagatik.

Bere ereduan oinarrituta, eguneroko jarduera hobetzeko lanean jarraituko du, eta sendotuko du bere lidergoa, pertsonen hazkuntza erraztuz, autonomia-maila bultzatuz eta eguneroko parte-hartzea suspertuz.

Gizartearekin estuki lan egiten jarraituko du zerbitzuak egokitzeko eta horien eraginkortasuna sustatzeko orduan, bai segurtasun-arloan, baita laguntza-arloan ere, betiere zerbitzu horiek emateko hurbiltasuna bultzatzearekin batera.

ERTZAINTZAREN BALIOAK

  • Hurbiltasuna: pertsona guztiekiko jarrera irekia eta hurbila izatea
  • Konfiantza: jarrera zintzoa eta gar- dena izatea eta komunikatzean zintzo jokatzea
  • Konpromisoa: arazoak konpontzen laguntzen duten erantzun eragin- korrak ematen inplikatzen gara
  • Taldea: kohesionatuta lan egiten dugu, lidergo aktibo batek gidatuta
  • Eboluzioa: etengabe ebaluatzen dugu geure burua, hobetzeko asmoz

Ertzaintzaren 2012ko Plan Estrategikoan “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programa sartu zen, herritarrek, oro har, eta ikasleek, bereziki, segurtasunaren arloan izan ditzaketen premiei zabalkunde-jardueren eta kontzientziazio-kanpainen bidez erantzun ahal izateko.

Elkarbizitzarako hezteak ez du esan nahi gatazkak daudela ukatzea, baizik eta gatazkei aurre egiten eta gatazkak modu positiboan eta eraginkortasunez gainditzen jakitea. Helburua da, azken batean, ahalegin handiagoa egitea elkarbizitza positiboaren, prebentiboaren, aldeko estrategietan, eta ez hainbeste elkarbizitza hori eteten duten kasu larriei eman beharreko unean uneko erantzunean.

“Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programaren helburua da jokabide desegokiak eta indarkeriazko ekintzak saihesteko neurriak ezartzeko bidean orientazioa eta laguntza ematea hezkuntza-sisteman, faktore positiboak edota prebentziozkokoak babestea eta sustatzea, eta bizikidetza egokiari kalte egiten diotenak murriztea edota indargabetzea.

Formakuntza-ekintza horietan arreta berezia eskaintzen zaie berdinen arteko tratu txarren kasuei, eskola-jazarpenari (bullyinga eta ziberbullyinga) eta bide-segurtasunari, eta era horretara gaztetxoen artean Ertzaintzak herritar guztien eskubideen eta askatasunen alde egiten duen lanaren rola sozializatzen ere laguntzen da..

Testuinguru horretan, 2013an sinatu zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Segurtasun Sailaren arteko lehenengo lankidetza-hitzarmena, eta 2018ko apirilaren 26an berritu zen.

Segurtasun Sailak hezkuntza-komunitateari eskaintzen dizkion eta Ertzaintzaren bidez kudeatzen diren ekintza eta jarduera pedagogikoak ikastetxeetan egiten diren formakuntza-saioen eta polizia-zentroetara, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia barne dela, egiten diren bisiten bidez gauzatzen dira.

Ertzaintzak gaur egun eskaintzen dituen jardueretan honako gaiak aztertzen dira:

  1. Internet erabiltzeak izan ditzakeen arriskuak
  2. Berdinen arteko tratu txarrak eta eskola-jazarpena
  3. Gizalegearen kontrako portaerak saihestea
  4. Droga-kontsumoaren errealitatea eta ondorioak
  5. Bide segurtasuna, Don´t be dummy (Para ti no hay repuestos / Zuk ez duzu ordezkorik) proiektu ibiltaria barne dela
  6. Mendiko, hondartzako eta barruko uretako kirol- edo aisialdi-jardueretako
  7. Gazte talde berri antolatuak eta biolentoak
  8. Larrialdietako 112 telefonoa. Zer da 112a?
  9. Genero-indarkeria

Jarduera horiek Ikasleen Gurasoen Elkarteetako (IGE) gurasoei ere eskaintzen zaizkie, eta ikasleei zuzendutako jardueretan ematen diren eduki berberak lantzen dira haiekin, interesgarria dela uste baita gurasoek ere izatea Ertzaintzak euren seme-alabekin lantzen dituen edukien berri.

Aipatutako jarduerak egiteko interesa duten ikastetxeek idatziz egin behar dute eskaera, eta eskaera hori ikastetxea dagoen mugapeko ertzain-etxeko buruzagitzara bidali behar dute.

Orain dela hainbat urtetatik hona terrorismoa etengabe agertu da Europako bizitza politikoan eta sozialean. Indarrean gorabeherak izan baditu ere, terrorismoak zuzenean mehatxatu ditu herritarren bizitza eta segurtasuna. Gainera, nazioarteko terrorismoak Europa aukeratu du bere ekintzen helburu gisa, eta horren ondorioz arau-esparru bat eratzen joan da, nazionala eta nazioartekoa, fenomeno horri aurrea hartzeko eta fenomenoa jazartzeko.

Horrela, 2005ean argitaratu eta bereganatu zuten estatu kideek “Europar Batasunaren estrategia terrorismoaren aurkako borrokarako” izeneko dokumentua.

Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago Europar Batasunaren printzipioetan eta balioetan oinarritutako segurtasun-eredutik kanpo, eta printzipio eta balio horiek, hala nola, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzea, zuzenbide-estatua, demokrazia, elkarrizketa, tolerantzia, gardentasuna eta elkartasuna, aintzat hartzen dira Ertzaintzaren Plan Estrategikoaren xedean, eta Segurtasuneko sailburuordearen 78. Jarraibidean eta haren balioen adierazpenean ere aipatzen dira.

Hauxe da Europar Batasunaren konpromiso estrategikoa:

Terrorismoaren aurka modu globalean borrokatzea, baina giza eskubideak errespetatzen direla eta, aldi berean, Europaren segurtasuna hobetzen dela, herritarrak askatasunean, seguru eta justiziarekin bizi ahal izan daitezen.

Eta Euskadik hori guztia aintzat hartzen du Ertzaintzaren Islamismo Erradikalaren aurkako Plan Estrategikoan.

PREBENITZEA, BABESTEA, JAZARTZEA ETA ERANTZUTEA, eta helburua da terrorismoaren mehatxuari, alderdi guztietan, erantzun globala, integrala eta proportziozkoa ematea. Horien bitartez terrorismoari sortzetik egin nahi zaio aurre, arrisku-egoerak sortzea saihesteko, xede izan daitezkeenen babesa hobetzeko, talde horiek ikertzeko eta neutralizatzeko gaitasuna areagotzeko eta gerta litezkeen eraso terroristen ondorioak kudeatzeko tresnak egokitzeko.

Honakoak dira Ertzaintzaren Islamismo Erradikalaren aurkako Plan Estrategikoaren lau ardatzak:

  • Erradikalizazioa PREBENITZEA eta atentatuak saihestea. Hau da, pertsonak terrorista bihurtzea eragoztea. Estrategia honen funtsa erradikalizazioaren kontra borroka egitea da, arreta prozesu hori errazten duten inguruabarretan jarrita. Ardatz honetan diskriminazioak eta desberdintasunak ezabatzeko, kulturen arteko elkarrizketa sustatzeko eta epe luzerako integrazioa bultzatzeko lan egiten da.
  • Herritarrak eta azpiegiturak BABESTEA, bai eta balizko erasoak gertatzeko arriskuak gutxitzea eta, atentaturen bat gertatuz gero, eragina ahalik eta gehien murriztea ere.
  • JAZARTZEA: ardatz honen helburua terroristak detektatzea, aurkitzea, ikertzea eta atxilotzea da, bai eta horien finantza-iturriak etetea ere.
  • ERANTZUTEA eraso bat gertatzen denean. Atentatu terroristak gertatzeko arriskua ezin da erabat murriztu, eta, ondorioz, gertatzen direnean horiei aurre egiteko gai izan behar da. Informazio operatiboa eta poliziala berehala partekatzeaz gainera, prest egon behar da elkartasunez erantzuteko eta biktimak eta euren familiak eraginkortasunez artatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Plan Estrategikoa martxan jarri du Sexu-esplotaziorako Gizakien Salerosketaren aurka borrokatzeko, emakumeek jasaten duten indarkeriarik bortitzena baita.

Plana gauzatu ahal izateko poliziaren estruktura guztiak parte hartu behar izan du, unitateen arteko zeharkakotasuna sustatuz, Inteligentzia, Herritarren Babesa eta Ikerketa.

Planaren helburuek biktima babestean jartzen dute garrantzia. Delituaren prebentzioan eta egileen jazarpenean interesaturik gaude; baina ezin dugu biktimaren babesa burutik kendu.

Prozedimendua zenbait GKE-kin partekatu da eta bere ekarpenekin aberastu egin da. Plana prostituzioa aurkitu dezakegun leku guztietara joatean datza, informazioa lortzeko, biktima aurkitu, askatu eta babestu ahal izateko. Guztiok dakigu biktima hauek ez direla gure egoitzetara etorriko bere egoera salatzera, faktore askoren artean biktima ikusezinak bezala ezagutzen direlako. Horregatik gure erosotasun eremutik ateratzea eta biktimak egon daitezkeen lekuetara zuzenean joatea erabaki dugu, hauek identifikatu ahal izateko.

Itxaropen handia dugu Planean jarrita; gure ingurunea hobeto ezagutzea; Euskal Herrian prostituzioaren egoeraren txosten diagnostikoa lantzea; prostituzioan diharduten pertsona guztiei babesa eskaintzea; asken hauen eta Ertzaintzaren arteko lokarria eratzea; eta, noski, Sexu-esplotaziorako Gizakien Salerosketan emakume eta adingabekoak diren biktimak askatzea, XXI. mendeko esklabotasunaren biktimak baitira.

Diskriminaziorik ezaren printzipioa ezartzea, diskriminazioaren aurrean tratu-berdintasuna aldeztea, funtsezkoa da elkarbizitza bermatzeko, eta gorroto-delituak jazartzeak horregatik du lehentasuna Ertzaintzarentzat. Zeregin horretan Ertzaintza Europako ereduan eta giza eskubideetan oinarritzen da. Horrekin guztiarekin bat etorriz, Ertzaintzak “Xenofobiaren eta gorroto-delituen aurkako plana” izeneko ekintza jarraitua jaso du, eta honakoak dira esku hartzeko esparruak:

I. GORROTO DELITUAK ETA GERTAKARIAK BISTARATZEA ETA ERREGISTRATZEA. ESTATISTIKA

Funtsezko alderdia da prebentzio- eta babes-neurri eraginkorrak garatzeko. Horretarako, gorrotoak edo diskriminazioak eragindako egintza kriminalei buruzko datuak biltzeko sistema bat eratu da. Asmoa da salaketak eta gertakariak zenbatzea, horien jarraipena egitea eta estatistikak argitaratzea.

II. ARAUDIA

Garrantzi berezia duen beste esparru bat barne-araudiarena da, estandarizaziorako beharrezko elementu gisa, eta poliziari gorroto-delituak izan daitezkeenak identifikatzen lagunduko dion metodologia bat emateko garatzen da. Baliagarria da bai erantzun eraginkorra emateko bai ikerketa egokia egiteko.

III. FORMAKUNTZA ETA SENTSIBILIZAZIOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia eta Larrialdietako Akademiaren ardurapean, gorroto-gertakariak tipologiaren nahiz zantzuen ezaugarrien arabera jasotzen dira, identifikazioaren, polizia-eginbideen eta salaketak hartzearen eraginetarako. TAHCLE, ENP – Emakume Polizien Europako Sarearekin.

i. Lankidetza beste erakunde eta antolakunde batzuekin.

Segurtasunaren arloan behar-beharrezkoa da beste erakunde eta antolakunde batzuekin lankidetzan jardutea, bereziki gorroto delituen biktimak eta xede-taldeak aintzat hartu eta babesteko. Horretarako, komunikazio-bideak ezartzen eta finkatzen dira delitu horiei aurre egiteko estrategiak hobetzen lagunduko duten datuak, informazioa eta elementuak partekatzeko.

ii. UPV/EHU UNIBERTSITATEA

Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren (UPV/EHU) eta Ertzaintzaren arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez, gaur egun Katedrak elementu kontzeptualak, analisirako elementuak, ematen ditu eta Euskadiko gorroto-delituei buruzko txostena egiten da.

iii. ERAGILE JURIDIKOAK

Datuak, arauak eta informazioa partekatzen dira gorroto eta diskriminazio delituetarako fiskaltza bereziekin, eta kasuen jarraipena egiten da. Judikaturarekin: epaiak, gidalerroak

iv. GIZARTE ZIBILA

Xede-kolektiboen alde lan egiten duten elkarteek sustatutako proiektuetan laguntzen da, esate baterako SOS ARRAZAKERIA elkartearekin Europako proiektuetan: TOGETHER, gorroto-delituen aurka borroka egiteko Europar Batasunarena; OPEN SOCIETY...

v. ERAKUNDEAK

Esate baterako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren Biltzen Zerbitzua, Ertzaintzako kolektiboa prestatzeko eta sentsibilizatzeko gaietan.

GORROTO-DELITUEN AURKAKO BULEGO NAZIONALA, SEGURTASUNEKO ESTATU IDAZKARITZAKO KOORDINAZIO ETA IKERTERAKO KABINETEKOA.

vi. BESTE POLIZIA BATZUK

Formakuntzaren arloan jardunbide egokiei buruzko informazioa partekatzen da eta lankidetzan jarduten da beste polizia batzuekin: bertan, Estatuan, beste autonomia-erkidego batzuetan (Mossoak) eta nazioartean (Hegoafrika, Britainia Handia).

Etika publikoa eta giza eskubideen errespetua sustatzearen baitan, eta kontuan hartuta atxiloketa-prozesuaren xedea atxilotuen bizia eta osotasun fisikoa eta psikikoa zaintzea dela, horien eskubideak, ohorea eta duintasuna errespetatuta eta, aldi berean, atxiloketan parte hartzen duten agenteen segurtasun fisikoa, psikikoa eta juridikoa ziurtatuta, urriaren 2an eman zitzaion hasiera Bilboko barruti judizialeko atxilotuak zentro bakarrean zentralizatzeko prozedurari.

Deustun dagoen Ertzain-etxeak Basauri, Bilbo, Galdakao, Erandio, Laudio, UTTB eta SICTBko atxilotuak hartzen ditu. Udaltzaingoek atxilotutako pertsonak ere hartzen ditu, ezarrita dauden lankidetza-akordioei jarraituz.

Lortu nahi diren helburuak bat datoz Arartekoak, Espainiako Herri Defendatzaileak eta Europako Kontseiluak emandako gomendioekin. Atxiloketa-prozesua hobetzea, baliabideak efizienteagoak izatea eta inplikatuta dauden erakundeekin (justizia, osasun-arloa, abokatutza…) koordinazioa hobea izatea sustatzen du.

Deustuko Ertzain-etxeko kalabozo-eremuan hobekuntza aipagarriak egin ziren: kamerak ziegetan, ziega barrutik komunikatzeko sistemak, komun antibandalikoak eta zaintza-postutik erabateko monitorizazioa.

Guardiako ikerketako eta herritarren segurtasuneko agente gehiago jarri ziren.

Gainerako barruti judizialetan aurrerago ezartzeko proba pilotu bat izanik, dagozkion analisiak egin ondoren, lehenengo balorazioek adierazten dute lortzen ari direla lortu nahi ziren helburuak.

Ertzaintzak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen lege-araudiari jarraituz, eta horretan sinesten duelako bestela ezin zitekeenez izan, helburuetako bat du genero-ikuspegia txertatzea polizia-erakundearen prozesu guztietan, bai eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua sustatzea ere polizia-kidegoan.

Honakoak dira helburu hori lortzeko gauzatzen dituen ekintza nagusiak:

  • Berdintasunaren eta genero-ikuspegiaren inguruko etengabeko formakuntza eta sentsibilizazioa, portaera-ereduak aldatzeko helburuarekin.

  • Emakumeek Ertzaintzan presentzia handiagoa izatea sustatzeko kanpainak eta jarduerak egitea, eta epe erdira arautzea emakumeen presentzia hori sustatzeko planak, kidegoan sartzeko eta karrera profesionalean aurrera egiteko aukera-berdintasuna bermatzeko, egungo ordezkaritza txikia zuzentzeko eta polizia-eraginkortasuna areagotzeko.

  • Hizkuntza inklusiboa eta komunikazio-elementu ez-sexistak erabiltzea komunikazioetan eta antolatzen dituen ekitaldietan.

  • Interes aipagarria duten alderdiak identifikatzea, azterlanen bidez genero-ezberdintasunetan eragina duten gaiak aztertzeko: emakumeen eta gizonen presentzia estamentu jakinetan, erabakiak hartzen parte hartzea, baliabide eta arau sozialetara sarbidea izatea eta balioak.

    Eragina barnean nahiz kanpoan duten analisiak dira, eta erantzunkidetasunari, kategoriaz igotzeko ikastaroetan edo espezializaziokoetan merezimenduak baloratzeari, lanpostuen esleipenari, lidergo-ereduei, herritarrak inbrikatzen dituzten prozesuei eta abarri buruzko gaiak sakontzeko dira.

  • Estatuko nahiz nazioarteko polizia-lankidetzarako esparruetan parte hartzea, eta berdintasuna eta aniztasuna sustatzen duten erakundeekin itunak ezartzea.

Laburbilduta, helburu nagusia da justuagoa, berdinzaleagoa eta anitzagoa den gizartean modu errealean aurrera egitea, eta irabazle Ertzaintza bera eta polizia-erakundeak zerbitzatzen duen euskal gizartea gertatzea, tratu-berdintasunaren eta aniztasuna eta ezberdina dena errespetatzearen bidetik.

SARRERA

ERTZAINTZAREN atal estrategikoak berria den, proiekzioa duen eta etengabe aldatzen ari den droneen erronkari ekin dio, eta, horretarako, Laguntza Taktikoko Buruzagitza Nagusian, zehazki, Zaintza eta Erreskate Unitateko Aeronautika Atalean, zentralizatu du bere antolaketa-eredua, 1036/2017 EDn deskribatutako arau-esparruari jarraituz.

Errege Dekretu horretan operadore pribatuek nahiz poliziek droneak erabiltzeko lege araubidea dago jasota.

HELBURUA

Antolaketa-eredu honen helburua da ERTZAINTZAKO unitate eta atal guztiek egindako zerbitzu guztientzat izango diren estandarrak lortzea, formakuntza, operazio, administrazio, lege… irizpideei jarraituz, eta salbuespen jakin batzuekin.

FUNTZIOAK

Droneen polizia-funtzioa honela zehazten da Ertzaintzaren lanean:

  • RPA – Drone erabiltzaileak: (erreskatea, lehergailuak, zaintza, segimenduak, HS, jendetzaren kontrola, trafikoa, VIPen, azpiegituren eta eremu kritikoen babesa, larrialdietako beste zerbitzu batzuei eta erakundeei laguntza ematea…).
  • Aireko zirkulazioko polizia: (aireko segurtasunaren eta segurtasun publikoaren kontrola AESA – Aire Segurtasunaren Estatu Agentziari laguntzeko, agintaritza-agente moduan).
  • RPA – Droneak hautematea/neutralizatzea (DRONEEN AURKAKO NEURRIAK).

ZERBITZUAK

RPA – Droneak aireko laguntza gisa, honako egoera hauetan:

  • Herritarren Babesa:Operatiboen planifikazioa, jarraipena eta kontrola. Aireko irudiak hartu eta transmititzea.
  • Ikerketa: Fotogrametria eta 3 dimentsiotan berregitea. Trafiko-istripuak, suteak, homizidioak, droga-plantazioak, landa-eremuetarako sarbideen kontrola, iristeko errazak ez diren lekuen bisualizazio diskretua polizia-interesagatik, IBN,…
  • Zaintza eta Erreskatea: Erreskateak, pertsonak edo objektuak bilatzea eta aurkitzea, instalazioak zaintzea, larrialdi kimikoak, biologikoak, erradiaktiboak eta abar kudeatzea.

BESTE BATZUK

Formakuntza, zabalkunde, laguntza eta aholkularitza espezializatua:

  • Droneen pilotu-ikastaroak.
  • Erakunde barnean eta kanpoan hitzaldiak ematea (Ertzaintza eta PLEA, beste erakunde publiko eta pribatu batzuk).
  • RPA – Droneen eskuliburua eta salaketa-formatuak prestatzea Ertzaintzarentzat.
  • RPA – Droneen garapen normatiboari eta teknologikoari buruzko foro ofizial espezializatuetan parte hartzea: AESAko RPA – Droneen Aholku Batzordea.

“RPA – Droneak eta horien sistemak etengabeko bilakaera teknologikoan murgilduta daude”.