Cabecera contenido seccion odio discriminacion

Eduki publikatzailea

Lotutako administrazio-prozedurak

Lotutako admin.-prozedurak

Ertzaintza eta gorrotoarekin lotutako administrazio-prozedurak

Jarrera intoleranteak ez dira onartzen kirol ikuskizunetan, "estadioetatik kanpo legez kanpokoa dena estadioaren barruan ere legez kanpokoa da"; jokabide arrazistei, xenofoboei eta intoleranteei dagokienez, gogortasun bera erabiliko da talde antolatuen eta norbanako zaletuen aurka, eta ezingo da argudiatu gertakariak oso emozionalak direla eta kirol ikuskizun baten eremuan sartzen direla.

Horretarako, aplikatu beharreko beste lege-testu batzuetan (Zigor Kodea, Herritarren Segurtasuna Babestea ...) ezarritakoa kontuan izanda ere, zorrotz aplikatu behar da kiroleko indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legea eta berori garatzen duen 203/2010 Errege Dekretua. Helburua honako hauek desagerraraztea da: kirol-esparruetan, haien inguruan edo haietara joateko balia daitezkeen garraiobide publikoetan kirol-ekitaldien kariaz azaltzen pankartak, ikurrak edo idazkiak, kantak, adierazpenak, keinuak edo irainak, arraza edo jatorri etniko, geografiko edo sozialagatik edo erlijio, sinesmen, ahalmen-urritasun, adin, sexu edo sexu-joeragatik edozein pertsonaren aurkako tratu nabarmenki laidogarria dakartenak, edo pertsonen eta taldeen arteko gorrotoa sustatzen dutenak.

Ertzaintzaren Zuzendaritzak, kirol ekitaldietako segurtasun-koordinatzaile nagusiaren bidez, kirol ekitaldietako talde bortitzei buruzko beharrezko informazioa biltzen du, beraz, gertaera zehatz bat gertatuz gero, ekintza bortitzak saihesteko irizpen-elementuak daude eskuragarri; informazio hori betetzen da estadioetako segurtasun-koordinatzaileek eta klubek eskura dituzten datuekin. Izan ere, datu horiek , kiroleko indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren kontrako zehapenen erregistroan eta kirol entitateen jarraitzaile-taldeen jardueren erregistro-liburuan daude.

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 22. artikuluan jasotzen dira sarrera ukatzeko eskubidea zorrotz betetzeko baldintzak. Establezimendu publikoaren, instalazioaren edo leku irekiaren sarreran, txartelak saltzeko kanal eta saltokietan eta ikuskizunari edo jolas-jarduerari buruzko publizitatean edo propagandan, toki ageri batean eta ondo irakurtzeko moduan jarriko da zeintzuk diren onartzeko eta bertan geratzeko baldintzak, eta zer jarraibide ezarri den ikuskizuna edo jolas-jarduera normal garatzeko.

Baldintza horiek edo sarrera ukatzeko eskubideaz baliatzea, ostera, ez dira aitzakia izango bereizketarik egiteko erabiltzaileen jatorri edo jaioleku, arraza, sexu, erlijio, iritzi, ezintasun, sexu-orientazio edo genero-identitatea dela-eta edo erabiltzaileen egoera edo inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta. 10/2015 Legearen 51. artikuluak arau-hauste oso larritzat jotzen du, eta halakotzat zehatzen, sarrera ukatzeko eskubidea arbitrarioki, diskriminazioz edo gehiegikeriaz erabiltzea.

Lege honek zehapen-prozedura espezifikoa jasotzen du, beste lege-xedapen batzuetan (Zigor Kodea, Herritarren Segurtasuna Babestea ...) ezar daitekeenaz gain, izan ere, prozedura horren arabera, gertaera horiengatik zigor penalak jar daitezke, pertsonaren duintasunaren edo osotasun moralaren aurkako tratu apalesgarriaren delituagatik, besteak beste.