Cabecera contenido seccion violencia machista

Eduki publikatzailea

Genero-indarkeria

    Zer da genero-indarkeria?

    GIZON batek, elkarrekin bizi ala ez, bikotekide duen edo izan duen EMAKUME baten aurka gauzatutako indarkeria da.

    1/2004 Lege Organikoan, abenduaren 28koan, genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoan, honela definitzen da: “Emakumeen aurka, emakume izateagatik gauzatzen den indarkeria da, erasotzaileek uste dutelako emakumeek ez dituztela askatasun, errespetu eta erabakitzeko gaitasunari buruzko gutxieneko eskubideak”. Legean berariaz aipatzen dira bikotekideen edo bikotekide ohien arteko harremanak indarkeriaren subjektu aktibo moduan, eta biktima den emakumeari zuzendutako legezko eta laguntzako neurriak jasotzen ditu.

    Zer da etxeko indarkeria?

    Familia barruan gauzatutako indarkeria da, baldin eta genero-indarkeria ez bada, hau da:

    • Bikote barruko indarkeria, genero-indarkeria ez dena: EMAKUME batek bere bikotekide GIZONAREN aurka gauzatutako indarkeria, EMAKUME batek bere bikotekide EMAKUMEAREN aurka gauzatutako indarkeria edo GIZON batek bere bikotekide GIZONAREN aurka gauzatutako indarkeria, elkarrekin bizi ala ez.
    • Familiako kideen artean (gurasoek seme-alaben aurka; seme-alabek gurasoen aurka; senideek euren artean) gauzatutako indarkeria, baldin eta elkarrekin bizi badira.

     

    Zein da genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arteko ezberdintasuna?

    Genero-indarkeria bikotekideen eta bikotekide ohien arteko harremanaren esparruan gauzatzen da eta biktima emakumea da.

    Etxeko indarkeria bikotekideen edo bikotekideen arteko harremanean gauzatzen da, eta biktima gizona da edo bi inplikatuak sexu berekoak dira.

    Etxeko indarkeriak beste familia-harreman batzuk ere barne hartzen ditu: gurasoak/seme-alabak eta alderantziz, lehengusuak, osaba-izenak, aiton-amonak, senideak, etab., baldin eta elkarrekin bizi badira.

    Nola jakin dezaket tratu txarrak hartzen ditudan emakume bat naizen?

    Genero-indarkeria jasaten ari zara, baldin eta zure bikotekideak edo bikotekide ohiak honako ekintza hauetakoren bat egiten badu:

    • Fisikoki edo sexualki eraso egiten badizu, indarkeria fisikoa edo sexuala jasan baduzu.
    • Mehatxu egiten badizu: hil egingo zaituela eta kalteren bat eragingo dizula esaten badizu.
    • Koakzionatzen bazaitu: uzten baduzu bere burua hilko duela esaten badizu, beregana itzultzeko esanez etengabe deitzen badizu, jazartzen bazaitu, atzetik jarraitzen badizu, xantaia egiten badizu.
    • Kontrolatzen bazaitu: une bakoitzean non zauden jakin nahi badu, sare sozialen bidez zure egoerak edo norbaitekin harremanetan zauden kontrolatzen edo zaintzen badu, norekin zauden edo nora joan zaren azaltzeko eskatzen badizu, nola janzten zaren eta zer egiten duzun kontrolatzen badu, zure dirua kontrolatzen badu.
    • Umiliatu egiten bazaitu: gutxietsi egiten bazaitu ez duzula ezertarako balio edo ez dakizula ezer egiten esanez, jendaurrean lotsagarri uzten bazaitu, gauza guztien errua botatzen badizu, iraintzen bazaitu.
    • Isolatzen bazaitu: ez badu gogoko zure adiskideekin edo familiarekin elkartzea edo horiekin hitz egitea eta eragozten saiatzen bada, ez badu gogoko zuk beste aisialdi, kultu edo lan jarduera batzuk egitea.

    Zure seme-alabak ere genero-indarkeriaren biktima dira, baldin eta:

    • Zuri min egiteko kalteren bat egingo diela, hau da, jo egingo dituela, iraindu egingo dituela edo zure baimenik gabe eraman egingo dituela… esaten badizu…
    • Zure aurkako indarkeriaren lekukoak izan badira, nola iraintzen, mehatxatzen edo umiliatzen zaituen, nola eraso egiten dizun… ikusi badute.
    • Zurekin bizi izan badira genero-indarkeria jasan duzun denboran.

    Zer egin dezaket tratu txarrak ematen badizkit?

    • Arriskuan bazaude edo norbait arriskuan egon litekeela uste baduzu, 112 telefono-zenbakira deitu edo Ertzaintzari jakinarazi App SOS DEIAK edo App ERTZAINTZA bidez.
    • Larria bada, 112 zenbakira deitu, berehala artatuko zaitugu, osasun-zentro batera eramango zaitugu, behar izanez gero, eta zure kargura dauden adingabeen arreta kudeatuko dugu.
    • Premiazkoa ez bada, App ERTZAINTZA erabil dezakezu; horren bidez mezu anonimoak ere bidal ditzakezu, arrastoa jarraitu ezin zaienez konfidentzialtasuna bermatzen baita.
    • Ertzain-etxe batera hurbiltzen bazara, informazioa emango dizugu. Horrez gainera, ertzain-etxeetan eguneko 24 orduetan, urteko 366 egunetan, jasotzen dira salaketak.
    • Biktima gisa dituzun eskubideen berri emango dizugu eta, hala nahi izanez gero, salaketa hartzean eta Epaitegiko lehenengo agerraldian aholku emango dizun eta zure eskubideak bermatuko dituen abokatu baten doako laguntza izan ahal izango duzu. Horrez gainera, babes-neurri penalak eta behin-behineko neurri zibilak (babesa, etxebizitza erabiltzea, bisita-erregimena) barne hartuko dituen babes-agindu bat ere eskatu ahal izango duzu.
    • Larrialdietako gizarte-zerbitzuekin harremanetan jarriko gara, nahi baduzu eta behar baduzu.
    • Behar duzun hizkuntzako edo zeinu-hizkuntzako interpretea eskatuko dugu, salaketa hartzeko nahiz epaitegiko agerraldirako.
    • Zure kasuaren arriskua baloratuko dugu eta, arrisku-mailaren arabera, babes-neurri egokiak hartuko ditugu.
    • Espediente bat irekiko dugu eta jarraipen pertsonalizatua egingo dugu; horrez gainera, arrisku-maila zure kasuaren bilakaeraren arabera eguneratuko dugu eta beharrezko babes-neurriak hartuko ditugu.
    • Hartu behar dituzun autobabeseko neurriak jakinarazi eta azalduko dizkizugu.
    • Zure telefono mugikorrean app bortxa aplikazioa instalatzeko aukera emango dizugu. Horren bidez gurekin zuzenean jarri ahal izango zara harremanetan eta, zerbait gertatzen bada edo arrisku-egoeraren bat sortzen bada, mugikorreko GPS lokalizatzailea aktibatuko dugu zuri laguntzera joateko.
    • Epaitegian babes-neurriren bat ezarri badizute, eta zure arrisku-mailaren arabera beharrezkoa bada eta zuk nahi baduzu, Epaitegiari eskumuturreko GPS telematiko bat eskatuko diogu.
    • Lesioren bat baduzu, osasun-zentro batera joan eta zer gertatu den azaldu, parte medikoaren kopia bat emango dizute salaketari eransteko.
    • Irainak, mehatxuak eta abar erakusten dituzten argazkiak, bideoak edo whatsappeko, posta elektronikoko edo beste edozein gizarte-saretako mezuak badituzu, ez itzazu ezabatu, eta ez itzazu jasotako deien erregistroak ere ezabatu.
    • Gertatutakoaren lekukoak badaude, eskatu datuak, izen-abizenak, helbidea eta telefono-zenbakia.
    • Egoera irregularrean bazaude, ez beldurtu, SALATU. Zu babesteko gaude.
    • Desgaitasunen bat baduzu, jakinaraz iezaguzu, lagundu ahal izan zaitzagun eta gure zerbitzua zure premietara egokitu ahal izan dezagun.
    Biktima ez bazara baina zure inguruko norbait biktima izan daitekeela uste baduzu, etorri eta informazioa eskatu, eta salatu ere egin dezakezu.

    Nork egin dezake salaketa? Salaketa beharrezkoa al da?

    Genero-indarkeria gertatzen ari dela dakien edonork egin dezake salaketa, ez dago biktima izan beharrik eta ez dago biktimarekin harremanik izan beharrik.

    Salaketa Epaitegira bidaliko da eta Epaitegiak babes-agindua ematen badu, eta agindua indarrean dagoen bitartean, Poliziak biktima babestuko du.

    Hala ere, Ertzaintzak biktimaren babesa ez du ezinbestez lotzen epaileak babes-agindu bat ematearekin. Hau da, ez dago salaketa egin beharrik eta ez dago indarrean dagoen babes-agindu baten beharrik biktima babesteko.

    Horrek esan nahi du Ertzaintzak genero-indarkeriako egoera baten berri izaten badu ez dagoela salaketaren beharrik; Ertzaintzak ofizioz has dezake ikerketa eta jar dezake egoera Epaitegiaren esku.

    Epaitegiak egoeraren berri izaten duenean, babes-agindua eman ahal izango du edo ez. Epaitegiak ez badu babes-agindurik ematen, Ertzaintzak emakumea babestu dezake baldin eta bere ustez emakume hori bere integritatea arriskuan jartzen duen egoeran badago

    Biktima babesteko baldintza nagusia da Ertzaintzak argi ikustea tratu txarren kasu baten aurrean dagoela.

    Horrela, biktimak salaketa egin nahi ez badu ere, Epaitegiak babes-agindua ematen ez badu ere edo bere garaian babes-agindua eman eta jada indargabetuta badago ere, Ertzaintzak babestu egin behar du biktima.

    Ertzaintzak edozein bidetatik jakin dezake tratu txarren egoera bat gauzatzen ari dela: polizia-jarduketa baten bidez, telefono-dei baten bidez, Ertzaintzaren APPra iritsitako mezu baten bidez, Ertzaintzaren helbide batera iritsitako mezu elektroniko baten bidez, edozein euskarritan jasotako jakinarazpen anonimo baten bidez…

    Ertzaintzak EBA (Etxekoen eta emakumeen BAbesa) bidez lantzen ditu Etxeko Indarkeria eta Genero Indarkeria. Lan-filosofia horri jarraituz, berdin tratatzen eta babesten dira etxeko eta genero indarkeriaren biktima guztiak, Euskadiko edozein lekutan egonda ere edo babesa edozein polizia-kidegok ematen diela ere.

    EBA erreminta informatikoak EAEko etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren aurkako polizia-lana jasotzen eta biltzen du, eta gure Autonomia Erkidegoan arazo horren aurka lan egiten duten polizia-kidego eta erakunde guztiei dagokie, sartzeko bide eta maila ezberdinak izanik.

    Ertzaintzari dagokionez, 2002tik ditu araututa, polizia-jarraibideen bidez, etxeko tratu txarren arloan jarduteko prozedurak.

    Gure autonomia-erkidegoan arazo sozial honi buruzko sentsibilitate berezia dago, eta genero-indarkeriaren tratamenduan oinarri-oinarrizkoa da erasotzaileen aurrean biktimen segurtasuna bermatzea.

    Hori dela-eta, Ertzaintzak babes aktiboa ematen die biktima direla jakindako biktimen % 100i, eta guztiak EBA Espedientea izena hartzen duen aplikazio informatiko batean erregistratzen dira.

    Une horretatik aurrera, eta edozein izanik ere biktimak duen arriskua edo egoitza judizialean emandako erabakia, polizia-babesa ematen zaio (beti aktiboa).

    Garrantzizkoa da azpimarratzea EBAk ez dituela bereizten bikotekidearen indarkeriaren biktima diren emakumeak eta etxeko tratu txarren biktima diren emakumeak. Bi biktima-taldeen tratamendua ez da indarkeria-motaren arabera ematen, bakoitzari indibidualki ezartzen zaion arrisku-mailaren arabera, baizik.

    Ertzaintzak bere egituraren zati handi bat inplikatzen du Etxeko Indarkeria/Genero Indarkeria (EI/GI) arazoari aurre egiteko.

    Ez du “unitate berezirik” sortzen; fase bakoitzean jarduteko prozedurak eta ardurak zehazten eta ezartzen dituen eta jokatzeko modua estandarizatzen duen prozesu baten bitartez profesional guztiak inplikatu nahi dituen sistemaren aldeko apustua egiten du.

    EBA espedientea EI/GI kasu baten historia osoa biltzen duen programa informatikoa da, zeregin ezberdinetan kronologikoki antolatuta dago eta tratu txarren kasu bat duen familia-nukleo bakoitzeko irekitzen da, erasotzaile eta/edo biktima kopurua edozein izanik ere.

    EBA espediente bat irekitzen da Ertzaintzak EI/GI gertaera baten berri izaten duen unetik aurrera, salaketa egin edo ez egin. Era berean, biktima guztiak babesteko lanak hasten dira, bakoitzari ezarritako arrisku-maila alde batera utzita.

    EBA espedientea irekita egongo da, ahozko ikustaldiaren unean epaileak hartzen duen erabakia edozein izanik ere, harik eta espedientea ixteko baldintzak, dagokion Polizia Zerbitzuaren Aginduan jasota daudenak, betetzen diren arte.

    Espediente bakoitzari instruktore-talde bat izendatuko zaio, eta biktima bizi den lekuko Ertzain-etxeko Buruzagitzakoa izango den instruktore batek eta EI/GI kasuen jarraipenaz eta tratamenduaz arduratzen den ertzain-taldekoa izango den idazkari batek osatuko dute. Instruktore-taldea espediente horietan sartzen joango da kasuari buruz jakindako informazio guztia. Informazio hori erasotzaileekin eta/edo biktimekin telefonoz izandako harremanaren bidez edo aldian behin izandako edo haiek eskatuta egindako elkarrizketen bidez jakindakoa izango da.

    Biktima bakoitzari arrisku-balorazio bat baino gehiago egingo zaio, eta balorazioak denboran dinamikoak izango dira eta pertsona batek baino gehiagok gainbegiratuko ditu. Ezarritako arrisku-maila, hala badagokio, informazio berrien arabera alda daiteke.

    Ertzaintzak, EI/GI biktima guztiei babes eraginkorragoa eman nahi horretan, 2006an Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) laguntza eskatu zuen, indarkeria-gertaera larriak izateko probabilitate handiagoa erakusten zuten adierazleak identifikatzeko gai izango zen eta, aldi berean, pertsona biktima bakoitzari ezarritako arrisku-maila zorroztasunez kalkulatuko zuen erreminta zientifiko bat lortzeko, ondoren, arrisku-maila horren araberako polizia-neurriak hartu ahal izateko.

    Psikologia Klinikoko katedraduna den Enrique Echeburúa jaunak eta bere taldeak Ertzaintzarekin batera lan egin zuten eskuragarri zeuden datuak aztertzeko, eta, azkenean, 1018 EI/GI kasu aztertu zituzten. Analisi horren emaitza izan zen 2007an sortutako lan-tresna bat: “Bikotekidearen kontrako indarkeria larriaren arriskua iragartzeko eskala”. Ertzaintzak bere espedienteetan sartu zuen bikote-harremanetako arrisku-mailak kalkulatzeko erabiltzen erraza eta praktikoa den tresna hori.

    Arriskua iragartzeko eskala horrek 20 item ditu, indarkeria larria bereizteko gaitasun handia dutenak.

    Ertzaintzak gaur egun lau arrisku-mailaditu ezarrita:

    • Oinarrizkoa: Berriz ere gertaera biolentoak izateko probabilitate txikia.
    • Moderatua: Berriz ere gertaera biolentoak izateko probabilitateren bat.
    • Handia: Berriz ere gertaera biolentoak izateko probabilitate handia.
    • Berezia: Berriz ere gertaera biolentoak izateko probabilitate oso handia.

    Komeni da nabarmentzea arrisku-maila kalkulatzeko erreminta hori behatzaileen arteko fidagarritasun moduan erabiltzen dutela hainbat ertzainek, kasu berean eta biktima bakoitzarentzat, eta horrek balio handiagoa ematen dio lortutako emaitzari. Horrez gainera, beharrezko babes-neurriak, etengabe eta modu dinamikoan, kasuaren inguruabarretara eta biktimaren premietara egokitzen joateko aukera ematen du.

    Lan-metodologia horrek ertzainak prestatzeko ahalegina egitea eskatu zuen hasieran, eta gerora prestakuntza hori etengabeko formakuntzaren bidez osatu da. Gainera, eta Ertzaintzak biktimen segurtasunari dagokionez hartutako konpromisoen garrantzia kontuan hartuta, laguntzako eta akatsen aurkako sistemak sartu behar izan dira arrisku-maila kalkulatzeko erreminta informatikoan, eta horrek ere eraginkortasun-berme handiagoa ematen dio.

    Biktimari ezarritako arrisku-maila kalkulatu ondoren, eta aldi berean, babesa emateko polizia-neurri batzuk esleitzen zaizkio, batzuk nahitaezkoak eta beste batzuk aukerakoak, hala badagokio.

    KALITATEA KUDEATZEKO SISTEMA

    Kalitatea Kudeatzeko Sistema Ertzaintzari, erakunde gisa, etengabe hobetzen jarraitzen laguntzen dion tresna da. Hori dela-eta, 2005ean erabaki zen EI/GI kasuen ondorioz abian jarritako jarduketa guztiak bilduko zituen lan-sistema bat ezartzea Ertzaintzan.

    AENOR enpresak ikuskatu zuen prozesua UNE-EN 9001-2000 Arauari jarraituz, eta 2008ko apirilaren 17an ziurtatu zuen. AENORek bi alderdi azpimarratu zituen: batetik, sistematikoki betetzen zela ezarritako kudeaketa-sistema eta, bestetik, erreferentziako araura egokitzen zela. Horrez gainera, nabarmendu zituen erremintaren ikuspegi bateratua eta erakundearen eta eraginpeko aldeen (biktimak) interesetara bideratuta egotea, agirien edukien zehaztasuna eta kontrolean agerian geratutako metodologia. EI/GI kasuen ondorioz abian jarritako jarduketen prozesuaren oinarrizko elementuen artean arriskua baloratzeko erreminta nabarmendu zuen.

    EI/GI prozesuaren ikuskapenak egiteaz gainera, nahi duten biktimek Ertzaintzarekin duten harremanari buruzko gogobetetasuna neurtzen duen galdetegi bati erantzuten diote.

    Erantzunen arabera, Ertzaintzaren aldetik jasotako arretari buruzko biktimen gogobetetasun-maila bikaina da.

    LANKIDETZA BESTE ERAKUNDE BATZUEKIN. ERAKUNDEEN ARTEKO PROTOKOLOETAN PARTE HARTZEA

    Ertzaintza ahalegintzen da arazo honetan parte hartzen duten erakunde guztiei prozesuaren ezaugarriak azaltzen.

    Emandako iritziak bikainak dira, eta oso balorazio positiboa egiten diete bai Ertzaintzak ematen duen babesaren ikuspuntuari bai, kasuaz arduratzen den ertzain-etxea edo ertzainak gorabehera, biktima bakoitzaren babes-premiei erantzun orekatua eman ahal izateko arriskua baloratzeko erreminta bat izateari. Eta, bestalde, positiboki baloratzen dute babesa biktima guztiei emateari, baita oinarrizko arrisku-maila dutenei ere.

    Azken urteotan Ertzaintzak protokolo instituzionalak ezarri ditu udalekin, mankomunitateekin eta beste polizia-kidego batzuekin, eta protokolo horietan arriskua baloratzeko erreminta aipatzen da eta gainerako parte-hartzaileei azaltzen zaie.

    INFORMAZIOAREN TRANSMISIOA ERTZAINTZAREN ETA BESTE POLIZIA-KIDEGO BATZUEN ARTEAN

    Ertzaintzaren eta beste polizia-kidego batzuen artean dinamika egokia dago ezarrita bizilekua eskumen-esparru batetik beste batera aldatzen duten biktimei buruzko informazioa partekatzeko. Ertzaintzan zerbitzu-aginduetan jasota daude eta, arrisku bereziko biktimen kasuan, baita behin-behineko bizileku-aldaketak ere.