Sarrera historiko laburra

Ertzaintzak, sortu eta 1982tik aurrera hedatu zenetik, beti lortu nahi izan du ezaugarri hau: profesionaltasuna, herritarra bikain tratatzea, gero eta gehiago hobetzea, bere zerbitzuen hartzaile den gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena ematea.

1999an erabaki zen aurrerapauso bat egitea, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Legebiltzarrean, legegintzaldiaren hasierako agerraldian, helburutzat jo zuen UNE-EN-ISO arauetan oinarritutako Kalitatea Kudeatzeko Sistema garatzea, gizarteari egindako zerbitzuak etengabe hobetzeko. Horretarako, barne-kontrola egiteko mekanismoak ezarri ziren, agenteek nola jokatu zehazteko jarraibideak eta prozedurak idatziz jaso, eta tresnak aukeratu, sistemaren barruan arazoak detektatu eta konpontzeko, zerbitzuaren hartzaileen iritziak jakiteko, eta Ertzaintzako Zuzendaritzak prozesuetarako erabakitako helburuen betetze-maila neurtzeko.

Ahalegin horiek 2002an eman zuten bete-beteko emaitza, Bilboko Ertzain Etxeak ISO 9001:1994 kalitate-ziurtagiria lortu zuelako AENOR ziurtapen-erakunde independentearen eskutik. Lortutako emaitza bikainen ondorioz, lan-metodologia berri hori gainerako ertzain-etxeetan ere ezartzen hasi zen, eta 2004an guztietan zegoen ezarrita. Ordudanik, Ertzaintza ISO 9001 Kalitate Ziurtagiria etengabe berritu du, eta horrek gorputzak sortu zenetik egindako lan eta ahalegin egokia egiaztatu baino ez du egin, eta euskal gizartea Ertzaintza izateaz harro dago.

2013an, funtsezko gauza bat gertatu zen Ertzaintzaren barruan, egitura eta estrategia aldatu egin zirelako, eta Ertzaintzako zuzendaritzak “2016ko Horizonte Plana” delakoa ezarri zuelako. Planaren xedea Ertzaintza eraldatzea zen, polizia hurbilagoa izan zedin, gizartearekiko konpromiso handiagoa har zezan, eta bakea, bizikidetza eta pertsonen segurtasuna susta zitzan. Era berean, Ertzaintzak etengabe hobetzea sartu zuen bere kudeaketaren barruan, eta horrek berekin ekarri zuen prozesuak berriz planteatzea Kalitatearen Sistema Orokorraren esparruaren barruan, haiek hobetzeko, zabaltzeko eta arrazionalizatzeko asmoarekin.

Kalitatea kudeatzeko prozesu horren ezarpenaren kronologiaren berri izateko, eta hasieratik gaur egun arte zer urrats egin diren jakiteko, egin klik hemen.