ISO 9001 Araua

Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeak (ISO www.iso.org) asmatu eta prestatu zuen ISO 9001 araua; erakunde hori 164 herrialdetako arau nazionaletarako institutuen sarea da, gobernuko eta gobernuz kanpoko ordezkaritzaz osatuta dago, eta, industria-esparru guztiei dagokienez, nazioarteko fabrikazioan (produktuak nahiz zerbitzuak), merkataritzan eta komunikazioan arauak garatzeaz arduratzen den erakundea da. Haren zeregin nagusia da nazioartean enpresentzako edo erakunde publiko nahiz pribatuentzako produktu- eta segurtasun-arauak estandarizatzea.

Aipatu arauak Kalitatea Kudeatzeko Sistema sortzeko betebeharrak zehazten ditu, edozein erakundek sistema bere barnean aplikatu ahal izan dezan, produktua edo zerbitzua erakunde publiko edo pribatu batek emanda ere, eta haren tamaina edozein izanda. Bezeroaren beharrak eta aplikagarriak diren arauzko betebeharrak betetzen dituzten produktuak edo zerbitzuak modu koherentean ematea da kalitatea bermatzeko sistemaren azken xedea.

Kalitatea kudeatzeko sistema ezartzearen bidez, erakundearen barruan jarduera koordinatu batzuk sortu nahi dira, idatzizko dokumentazio eguneratuan oinarrituta, prozesuetan esku hartzen duten eragileen jokaeran estandarizazioa lotzeko, eta bezeroari eskaintzen zaizkion produktuen edo zerbitzuen kalitatea homogeneizatzeko.

ISO 9001 arauak prozesu-ikuspegiaren garrantzia nabarmentzen du, lan-metodologia gisa, erakunde beraren barruan jarduerak bereizita zatituz eta dokumentatuz. Horrela, ezin konta ahala abantaila lortzen dira lana antolatzeko metodo tradizionalen aldean; besteak beste: erakundearen giza baliabideak eta bitarteko materialak hobeto erabiltzea, sendo hobetzea, aurreikusitako eta iragarritako emaitzak lortzea, konfiantza sortzea zerbitzuen hartzaileen artean, eta emaitzen gaineko kontrola erraztea.

Bestalde, sistema etengabe hobetzeko PDCA zikloan oinarrituta dago (planifikatzea, egitea, egiaztatzea, eguneratzea/optimizatzea), eta, horrenbestez, zerbitzuaren hobekuntzan eta, azkenik, hark emango duen kalitatean etengabe eragina izango duten jarduerak etengabe izatea ziurtatzen du.

Ertzaintzak ISO 9001 arauaren estandarraren arabera lan egiten duelako ziurtapena Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundeko kide AENOR-ek egin du www.aenor.es. Erakunde horrek ISO 9001 kalitate-ziurtagiria lortu nahi duen erakundearen auditoria egiten du, eta aztertzen du azken erakunde horrek behar bezala ezarri dituen ala ez arauan zehaztutako betebeharrak, eta haien arabera lan egiten duen ala ez.

Ziurtagiria, lortu ondoren, aldian behin berritu behar da. Ertzaintzaren kasuan, hiru urtetik hiru urtera egiten da berritze-auditoria, edo, bestela, une jakin batzuetan, sistemaren norainokoa aldatuz gero; gainera, jarraipen-auditoriak egiten ditu urtero. Auditoriak horiek guztiak AENOR-eko langileek egiten dituzte.

ISO 9001 arauaren egungo bertsioa 2008ko azarokoa da; horregatik, ISO 9001 2008 esaten zaio, eta zortzi kapitulu ditu:

  • 1.-3. kapituluak: Gidak eta deskribapen orokorrak.
  • 4. Kapitulua: Kudeaketa-sistema: betebehar orokorrak eta dokumentazioa kudeatzeko betebeharrak jasotzen ditu.
  • 5. Kapitulua: Zuzendaritzaren ardurak: erakundeko zuzendaritzak bete beharrekoak jasotzen ditu; besteak beste: kalitatearen politika zehaztea; erantzukizunak eta agintariak zehaztuta daudela ziurtatzea; helburuak onartzea, zuzendaritzak kalitatearen inguruan hartutako konpromisoa eta abar.
  • 6. Kapitulua: Baliabideen kudeaketa: arauak landu beharreko hiru baliabide-mota bereizten ditu: giza baliabideak, azpiegitura eta laneko giroa. Hemen jasotzen dira haien kudeaketan eskatutako betebeharrak.
  • 7. Kapitulua: Produktua edo zerbitzua egitea: soil-soilik produktiboak diren betebeharrak daude jasota, bezeroarekiko arretatik hasi eta produktua edo zerbitzua emateraino.
  • 8. Kapitulua: Neurtzea, aztertzea eta hobetzea: informazioa bildu, aztertu eta, ondorioz, jarduteko prozesuetarako betebeharrak dira. Erakundeak baldintzak betetzen dituzten produktuak eta zerbitzuak emateko daukan gaitasuna etengabe hobetzea da helburua. Arauan adierazitako xedea hau da: erakundeak etengabe jardungo du bezeroaren gogobetetzea lortzeko baldintzak betetzearen bidez.