2020/06/03
Eibarren atxilotu dute lesio-delitua, gorroto-delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta
Ertzainek 45 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat arratsaldean Eibarren, lesio-delitua, gorroto-delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta.
Prentsa bulegoa

Larunbat arratsaldean, zortziak aldera, pertsona bat Ertzaintzaren patruila batekin harremanetan jarri zen, Eibarko Untzaga Plazan gizon bat beste bat jotzen ari zela-eta.  Patruila hurbildu zenean, besoetan haur bat zuen gizon bat beste bat, arraza beltzekoa, iraintzen eta mehatxatzen, “negro de mierda” eta “habéis venido en patera” moduko gauzak esaten, ari zela ikusi zuen. Gainera, lekuko batzuen arabera, aurpegian jo zuen, eta biktimak masail-alboan hematoma bat zuela egiaztatu zuten agenteek. Agenteak gizona lasaitzen saiatu ziren, eta identifikazioa eskatu ziotenean, bere onetik atera zen eta hiru aldiz esan zien ezetz. Atxilotu egin zezaketela ohartarazi ziotenean, agenteetako baten aurka jo zuen, eta bularraldean kolpea eman eta lepotik heldu zion. Agenteek mendean hartu behar izan zuten, eta lesio-delitua, gorroto-delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta atxilotu zuten.

Arrastatua, 45 urteko gizona, polizia-egoitzara eraman zuten, eta ertzaina eta biktima, berriz, osasun-zentro batera eraman zituzten.