2019/06/11
Lau pertsona atxilotu dituzte Bilbon, Portugaleten eta Laudion
Ertzaintzak legez kanpoko immigrazioa sustatzen eta dirua zuritzen aritzen zen talde kriminal baten aurka jardun du
Ertzaintzak gaur goizean operazio bat burutu du, besteak beste, herritar atzerritarren eskubideen eta askatasunen aurkako delituak egiten zituen, legez kanpoko immigrazioa sustatzen zuen eta dirua zuritzen eta dokumentuak faltsutzen zituen talde kriminal baten aurka. Bilbon, Portugaleten eta Laudion atxilotu dituzte 34 urtetik 41 urtera bitarteko lau gizonezkoak.
Prentsa bulegoa

“Maleta” izeneko operatiboa iaz jarri zen abian, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek etxebizitza bateko aurreko maizterrek utzitako maleta bat aurkitu zutenean, barruan autobus, tren, hegazkin eta itsasontziko tituluei buruzko dokumentazio ugari baitzegoen. Era berean, agiri pertsonal faltsuak, aldatuak eta benetakoak; bankuko transferentziak eta bidaltzaileenak; ibilgailuen plakak eta agiriak; eta Espainia gurutzatzeko eta Frantziara edo Europako beste leku batzuetara iristeko bideei eta ibilbideei buruzko jarraibideak ere aurkitu zituzten.

Hori guztia aztertu ondoren, ondorioztatu zuten beste hainbat delituren artean legez kanpoko immigrazioarekin, kapitalak zuritzearekin eta dokumentuak faltsutzearekin zerikusia zuten delituak egiten zituen nazioarteko talde kriminal bat izan zitekeela. Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Arlo Nagusiko Pertsonen aurkako Delituen Atala egin zen ikerketaren kargu, eta Bilboko 4. Instrukzio Epaitegiak hasi zituen eginbideak.

Urtebetez ikertzen aritu ondoren, ikertzaileek ondorioztatu zuten taldeak diru gutxiren truke laguntzen ziela immigranteei Estatuan sartzen eta Euskadira iristen, eta hemendik Frantziara eramaten zituztela euren bidea jarrai zezaten. Zenbaitetan, taldeak aurretik kobratzen zuen bidaia, eta beste batzuetan, berriz, finantzatu egiten zuen migratzaileen bidaia, eta haiek helmugara iristean ordaintzen zuten zorra.  Era berean, migratzaileei agiri faltsuak edo faltsutuak ere ematen zizkien Europan zehar bidaiatu ahal izan zezaten. Ertzaintzaren arabera, aurten talde kriminalak ehun bat pertsona mugitu ditu Afrikatik Europara. Taldeko kideek 1.500 eurora arte kobratzen zizkieten migratzaileei emandako zerbitzuengatik.

Gaur, ekainak 11, goizean, operatibo handi bat jarri da abian, eta Bilbo Zaharreko establezimendu batean eta Portugaleteko eta Erandioko bi etxebizitzatan sartu eta miatu egin dituzte. Bilboko establezimendua legez kanpoko migratzaileei babesa emateko eta muga zeharkatzeko bidaiak antolatzeko erabiltzen zuen taldeak. Bestalde, jakin dute substantzia sorgorgarrien biltegi eta gordeleku gisa ere erabili izan dutela agian. Establezimendu horretan atxilotu dute taldearen arduradunetako bat.

Bigarren arduraduna Portugaleten atxilotu dute, bere etxebizitza miatu dutenean. Etxebizitza hori taldearen operazio-zentro gisa eta migratzaileak ezkutatzeko erabiltzen zuten. Berez, etxebizitzan sartu direnean eta etxebizitza miatu dutenean, jatorriz Boli Kostakoak diren bi pertsona identifikatu dituzte.  

Hirugarren gizonezkoa Laudioko bere lantokian atxilotu dute, eta laugarrena Bizkaiko hiriburuko bere etxebizitzan. Erandion beste etxebizitza bat ere miatu dute.

Ertzaintzak egindako miaketetan dirua, dibisa ezberdinetan, agiri ugari eta une hauetan aztertzen ari diren material informatikoa aurkitu dituzte. Pentsatzen da operatiboaren ikerketaren ondorioz ikerketa-lerro berriak sortuko direla, legez kanpoko immigrazioa sustatzen, dokumentuak faltsutzen, kapitalak zuritzen, iruzur egiten eta drogarekin trafikatzen aritzen diren beste talde batzuekiko loturak hauteman baitituzte.

Atxilotuak 34, 37, 40 eta 41 urteko 4 gizonezko dira, jatorriz Ginea-Konakry, Mali, Kamerun eta Boli Kostakoak, eta, besteak beste, herritar atzerritarren eskubideen eta askatasunen aurkako delituak, legez kanpoko immigrazioa, dirua zuritzea eta agiriak faltsutzea leporatu diete.

Operatiboa burutu ahal izateko Ikerketako Sekzio Nagusiak, herritarren babeserako baliabideek, berehala erantzuteko patruilek –PRI–, Brigada Mugikorrak eta Txakur Unitateak ere esku hartu dute.