2020/05/11
OSASUN-ALARMARI BURUZKO IRIZPIDEAK ERTZAINTZAN ETA UDALTZAINGOETAN
OSASUN-ALARMARI BURUZKO IRIZPIDEAK ERTZAINTZAN ETA UDALTZAINGOETAN 07 Berrikusketa (2020/05/11)
Prentsa bulegoa
 
   

MERKATARITZA-JARDUERAK EDO ANTZEKOAK IREKITZEARI BURUZ

1.Merkataritzako edo zerbitzuetako zer lokal/establezimendu egon daitezke irekita?

 

Lehenik eta behin, alarma-egoera hasi zenetik irekita egon direnak, hau da, janari eta edari dendak, gozotegiak eta gozo-dendak barne, farmaziak, osasun-zerbitzu guztiak, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak, albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru-erakundeak, abokatu-bulegoak eta finken administraziokoak, lehengo baldintza beretan. Hala ere, aurrerantzean higiene- eta/edo prebentzio-neurriak ezarri beharko dituzte langileentzat eta establezimenduentzat.

 

Bigarrenez, gainerako txikizkako merkataritza eta zerbitzuak, salbuespena dira 400 metro karratutik gorako azalera dutenak, merkataritza-zentroak direnak edo merkataritza-zentro baten barruan dauden eta kanpotik sarbide zuzenik edo independenterik ez dutenak.

 

Honako baldintzak bete beharko dituzte:

 

  • Aforo osoa % 30era murriztu beharko dute. Solairu bat baino gehiago izanez gero, bakoitzean aforo-proportzio bera mantendu beharko dute.
  • Gutxienez bi metroko tartea bermatu beharko dute bezeroen artean. Ezin bada, bezero bakarra sartu ahal izango da.
  • Jendearentzako ordutegia ezartzean, lehentasunezko ordutegia ezarri beharko dute 65 urtetik gorakoentzat.
  • Establezimenduentzat, langileentzat eta bezeroentzat ezarritako higiene-neurriak bete beharko dituzte, bai eta aforoaren arloan ezarritakoak ere.
  • Establezimenduek eta lokalek herritarrek ikusteko moduan jarriko dute lokalaren gehiengo aforoa zein den, bai eta barruan pertsonen artean bi metroko segurtasun-tartea utzi beharko dela ere.
 

 

Establezimendu horiek bertan erositako produktuak jasotzeko sistemak antolatu ahal izango dituzte, baldin eta mailakatuta egingo dela bermatzen badute, lokalean edo sarreran jendea pilatzea eragozteko.

 

2.Okindegiek eta dastalekuek saldu al dezakete edaririk, kafea barne dela?

 

Eramateko bakarrik sal ditzakete, inola ere ez establezimenduan kontsumitzeko. Terraza baldin badute, ostalaritza-zerbitzuetarako ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

 

3.Nekazaritza-azokak eta -merkatuak?

 

Nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako azoka eta merkatu tradizionalak (normalean asterokoak) baimenduta daude, baina ezinbestekoa izango da hainbat osasun-neurri errespetatzea.

 

Udalek ezarriko dituzte postuen arteko distantzia eta merkatuaren eremua mugatzeko baldintzak, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko distantzia eta segurtasuna ziurtatu ahal izateko.

 

Edonola ere, ohiko postuen ehuneko 25 baino ezingo dira jarri, eta aforoaren herena baino gutxiago izatea bermatuko da, eta, alternatiba gisa, gaitutako azalera handitu daiteke.

 

Aldi baterako bertan behera utzi dira nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako aisialdiko edo jai giroko Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako merkatu eta azoka tradizionalak.

 

4.Aire zabalean jartzen diren merkatuak (merkatu txikiak)?

 

Baimenduta daude kalez kaleko salmentako merkatu txikiak. Udalek ezarriko dituzte postuen arteko distantzia eta merkatuaren eremua mugatzeko baldintzak, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko distantzia eta segurtasuna ziurtatu ahal izateko.

 

5.Denda-ibilgailuen bidez kalez kale saltzen ibiltzea.

Onartuta dago behar-beharrezko produktuen salmenta ibiltaria, baldin eta udalak emandako gaikuntza-ziurtagiria baldin badute. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene- eta osasun-neurriak errespetatu beharko dira. Ordutegia mugatuta egongo da, 08:00etatik 15:00ak arte.

 

6.Ibilgailuak konpontzeko eta mantentzeko tailerrak?

 

Bai, konponketa- eta mantentze-lanetarako, piezak saltzeko ere bai, beti ere aldez aurretik hitzordua eskatuta.

 

Ezarritako arau sanitarioei jarraituz hartuko dira bezeroak.

 

 

7. Ireki al daitezke automobil-kontzesionarioak, IATko guneak, lorezaintza-zentroak eta mintegiak, horien azalera edozein izanik ere?

 

Bai, baina aldez aurretik hitzordua eskatuta.

 

8.Eta autoak desegiteko lekuak?

 

Bai, horiek ere lanean aritu daitezke jarduera osoan, baita piezak saltzen ere.

 

9.Txatarra eta hondakin solidoak bildu al daitezke?

 

Bai, baina ezarritako higiene- eta osasun-neurriak bete behar dira.

 

10.Herritarrentzat irekita egoteko baimenik ez duten establezimenduek egin al ditzakete mantentze eta hobekuntza lanak barruan?

 

Bai.

 

11.Beilak, kultu-tokiak, eta hileta-zeremonia zibil eta erlijiosoak.

 

Baimenduta daude era guztietako instalazioetan, publiko nahiz pribatuetan, eta gehienez hamabost pertsona elkartu daitezke leku irekietan eta hamar pertsona leku itxietan.

 

Hildakoa lurperatzeko edo errausteko agurra egiteko zeremonietan gehienez ere hamabost senide edo adiskide egon ahal izango dira, eta, hala badagokio, hildakoak agurtzeko hileta-errituez arduratzen den kasuan-kasuko kultu-zerbitzaria edo horren antzekoa.

 

Edonola ere, osasun-agintariek ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira eta beti bi metroko tartea utzi beharko da.

 

Kultuko lekuetara joan ahal izango da baldin eta aforoa herenera murrizten bada, eta osasun-agintariek ezarritako higiene-neurri orokorrak eta pertsonen arteko tartea errespetatzen badira.

 

Ezarritako gomendio orokorren artean dago sarrera-irteerak antolatzea, kultuko lekuen sarbideetan eta inguruetan jendea pilatzea saihesteko.

 

Bestalde, hilerrietara joan ahal izango da senide eta lagunak omentzera eta agurtzera, dagokion udalak ezarritakoari jarraituz.

 

 

12.Familiako baratzetan lan egin daiteke?

 

Bai, elikagaiak jaso daitezke, mantentze-lanak egin daitezke, lurra erein edo landareak landatu aurreko prestaketa-lanak egin daitezke, bai eta landareak landatu, haziak erein, ureztatu eta ongarritu ere.

 

Baimen honetan sartzen dira ohiko bizilekuaren ondoko herrietan dauden baratzeak, bai eta beste herri batzuetan daudenak ere premia-egoerak kontuan hartuta.

 

Osasun-agintariek ezarritako neurriak errespetatu beharko dira.

 

Joan-etorria justifikatzeko baratzearen jabetza-dokumentua erakutsi ahal izango da.

 

13.Nekazaritzako elikagaien establezimenduak eta kooperatibak.

 

Ireki daitezke baldin eta animaliak elikatzeko eta nekazaritza-ekoizpenerako produktuak hornitzeko bada, jarduera profesionala izan ala ez.

 

14.Hotelak, apartahotelak, landetxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak irekitzea.

 

Ireki daitezke, baina ezin dira erabili eremu komunak, eta higiene-neurriak bete behar dira.

 

15.Eraikinetako obrak.

 

Eraikinetan obrak egin daitezke, baldin eta obrako lanekin erlazionatuta ez dauden pertsonekin interferentziarik eragiten ez badute.

 

Obrak egin daitezke lokaletan, etxebizitzetan edo inor bizi ez den eraikineko eremu mugatuetan, obrek irauten duten bitartean han bizi direnak sartu ezin diren eremuetan eta beti ere baldintza hauekin:

 

  • Sektorizatu gabeko eremu komunetatik langileak eta materialak zirkulatzea mugatuta egon behar da eta eraikineko auzokideekin harremanetan ez egoteko hartu beharreko neurriak hartu behar dira.

 

  • Lokal, etxebizitza edo eremu horietako sarrera-irteerak lanaldiaren hasieran eta amaieran egin behar dira.

 

  • Etxeetan muntaketa lan eta zerbitzu profesionalak egiten dituztenek, pertsonekin harremanik izan gabe, arriskurik gabe eta segurtasun-arauak betez egin ahal izango dituzte.

 

16.Ireki al daitezke ostalaritza-establezimenduetako eta jatetxeetako terrazak?

 

Bai, baina aforoa % 50 murriztuta. Edonola ere, ziurtatu behar da gutxienez bi metroko tartea utziko dela mahaien artean.

 

 

Edonola ere, udalek baimena eman dezakete mahai-kopurua handitzeko, baldin eta azalera proportzioan handitzen bada.

 

Terrazetan gehienez ere hamar pertsona elkartu ahal izango dira mahai bakoitzean edo mahai multzo bakoitzean edaria eta janaria kontsumitzeko.  Ordutegi-muga bakarra ixtekoa da, 23:00ak.

 

Terraza-zerbitzuan higiene- eta/edo prebentzio-neurriak errespetatuko dira, bai eta langileentzat ezarritako higiene- eta/edo prebentzio-neurriak ere.

 

Elkarte gastronomikoek, txokoek eta aisialdiko lonjek itxita jarraituko dute.

 

17.Ireki al daitezke kulturako eta aisialdiko jarduerak?

 

Itxita egongo dira liburutegiak, museoak eta kultur ekintza eta ikuskizunetarako lokalak eta establezimenduak.

 

18.Pertsona talde mugatuek egin al dezakete turismo aktiboa naturan?

 

Bai, naturan turismo aktiboa egiteko enpresek antolatzen badituzte, eta gehienez 10 pertsonako taldetan, eta lurralde batetik bestera mugitzeko mugak errespetatuta.

 

19.Estatu-mailako joko publikoaren emakidadun diren erakundeak.

 

Herritarrentzat ireki daitezke, merkataritza zentroetan dauden eta kanpotik sarrera zuzena eta independentea ez duten establezimenduak izan ezik.

 

JOAN-ETORRIEI ETA NEURRI SOZIALEI BURUZ

 

1.Langileek ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al dute beren lanera oinez edo autoz joan ahal izateko?

 

Ez da nahitaezkoa; baina komeni da lanerako joan-etorrietan eramatea.

 

Eusko Jaurlaritzak erantzukizunpeko adierazpen-eredu bat eman du, BOEn ere beste bat argitaratu da. Horien antzeko beste batzuk ere baliozkotzat jotzen dira.

 

 

Ziurtagiria eraman ezean, emandako informazioa baloratuko da, eta zalantzaren bat sortuz gero, egin beharreko frogaketak egingo dira.

 

2.Pertsona bat ibil al daiteke bide edo eremu publikoetan?

 

Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:

 

  1. Elikagaiak, produktu farmazeutikoak, premiazko produktuak eta konfinamendua arintzeko prozesuko 0 eta 1 faseetan onartutako produktu edo zerbitzuak erosteko edo kontsumitzeko, eta ezarritako baldintzei jarraituz (esate baterako, txikizkako merkataritzara-lokaletara, ile-apaindegira joateko eta abar).
  2. Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.
  3. Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.
  4. Ohiko bizilekura itzultzeko.
  5. Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.
  6. Finantza- eta aseguru-erakundeetara, notario- eta abokatu-bulegoetara, aholkularitzako eta finka-administrazioko bulegoetara joateko.
  7. Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.
  8. Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.

 

Baimenduta dago Euskal Autonomia Erkidegoko eta lurraldeetako mugikortasuna hezkuntza eta formakuntza arrazoiengatik, adinekoak, mendekoak, desgaitasuna duten pertsonak edo premia-egoeran daudenak bisitatzeko, zaintzeko eta arreta emateko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.

 

14 urtetik beherakoak heldu arduradun batekin joan daitezke, baimendutako jardueraren bat egitera badoaz.

 

Baimendutako establezimendu eta lokaletako joan-etorriak norbere udalerrian edo ondokoan egin beharko dira; produktu edo zerbitzu horiek norbere udalerrian edo ondokoan eskura ez badaude, urrunago joan daiteke.

 

Autonomia Erkidego osoan baimenduta dago mugitzea bilobak zaintzeko edo seme-alabak familiarteko batek zaintzeko.

 

Hala ere, desplazamenduak ahalik eta gehien murriztea gomendatzen da.

 

3.Aire zabalean egiten den jarduera fisiko ez-profesionalaren erregulazioa (paseoak eta banakako kirola).

 

Zer baldintza bete behar dira jarduera fisikoa egin ahal izateko?:

  • 14 urtetik gorakoa izatea.
  • Beste pertsona batekin kontaktua izan gabe egiten den kirol indibidualeko jarduera izatea.
  • Egunean behin eta ezarritako ordutegiaren barruan egitea, denbora-mugarik gabe.
 

 

Non egin daiteke?:

  • Edozein bide edo esparru publikotan, baita natur-eremuetan eta berdeguneetan ere, norbera bizi den udal-barrutian eta ondokoan.
  • Ezin da jarduera fisikorik egin kirol-instalazio itxietan.
  • Mendira joan daiteke edo bestelako kirolak ere egin daitezke (esate baterako, txirrindularitza), baita autoa erabilita ere, norbere udalerrian edo ondokoan, banaka edo etxekoekin.

 

Nola egingo dira paseoak?

 

  • Banaka, bizikidetza-unitateko pertsonekin edo zaintzailearekin, norbere herrian edo ondokoan, eta ezarritako ordutegian.

 

Nola egingo da kontaktu fisikoa eskatzen ez duen banakako kirola?

 

Banaka egingo da, norbaitek lagunduta joatea behar-beharrezkoa izan ezean, eta norbera bizi den udalerrian bertan. Hala ere, irteteko laguntza behar duten pertsonen kasuan, eurekin bizi den pertsona batekin, bere ardura duen etxeko langile batekin edo zaintzaile ofizialarekin atera ahal izango dira.

 

Senderismoa egin ahal da?

 

Bai, lehiazkoa ez den kirol-jarduera baita.

 

Eta kirol-ehiza eta -arrantza, edo aisialdikoa?

 

Ez daude baimenduta.

 

Zer egin behar da kutsatzea eragozteko?

 

Arau orokor gisa, era honetako jardueretan gutxienez bi (2) metroko tartea utzi behar da pertsonen artean.

 

Beharrezkoa ez bada, ez da geldialdirik egingo.

 

Zein dira banakako kirola egiteko eta paseoak emateko ordutegiak?

 

  • 14 urtetik gorakoentzat, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
  • 70 urtetik gorakoentzat eta mendekotasuna duten eta haiekin bizi den norbaitek lagunduta atera behar duten pertsonentzat, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
 
  • Salbuespenez, osasun-arrazoiengatik eta kontziliazio-arrazoiengatik egin ahal izango da jarduera fisikoa ezarritako ordutegietatik kanpora.
  • 5.000 biztanletik beherako udalerrietan ez da ordutegirik ezarriko, eta aipatutako jarduera guztiak 06:00etatik 23:00etara egin ahal izango dira.

Jarduera egiteko ondoko udalerrira joanez gero eta udalerri hori 5.000 biztanletik gorakoa bada, udalerri horretako ordutegiak errespetatu behar dira.

 

Eta kirol-jarduera profesionala eta federatua?

 

Kirolari profesionalak banaka entrenatu ahal izango dira aire zabalean, bizi diren probintziako mugen barruan. Entrenamenduen iraupena eta ordutegia kirola egiteko sasoi fisikoa mantentzekoa beharrezkoa dena izango da. Bertan egon ahal izango da entrenatzaile-lanak egiten dituen pertsona, eta dagozkion segurtasun-neurriak beteko dira.

 

Kirolari profesionalak direla egiaztatzeko, dagokion federazioak emandako kirol-lizentzia edo goi-mailako kirolaria izatearen ziurtagiria erabiliko dute.

 

Aurreko paragrafoan sartzen ez diren kirolari federatuek banaka egin ahal izango dituzte entrenamenduak, aire zabalean eta egunean bi aldiz, 06:00etatik 10:00etara eta 20.00etatik 23:00etara, eta bizi diren udalerrian eta ondokoan. Kirolari federatuak direla egiaztatzeko, dagokion federazioak emandako kirol-lizentzia erabiliko dute.

 

Arau orokor gisa, era honetako jardueretan gutxienez bi (2) metroko tartea utziko da pertsonen artean, bizikletak, patinak edo antzekoak erabiltzen direnean izan ezik, kasu horietan hamar metroko tartea utzi beharko da. Gutxieneko distantzia horiek ez dira eskatu ahal izango kirol egokituaren kasuetan.

 

Kirolari profesionalek eta federatuek motordun ibilgailuak edo garraio publikoa erabili ahal izango dute kirol-jarduera egitera joateko, eta ezarritako lurralde-mugak errespetatu beharko dituzte.

 

Bi kasu horietan, kirol egokitu edo paralinpiko modalitateak egiten dituztenek beste kirolari baten laguntza izan dezakete kirola egiteko ezinbestekoa bada.  Kasu horretan, pertsonen arteko segurtasun-distantzia kirol-jarduera egiteko beharrezkoa denera murriztuko da, eta biek maskara erabili beharko dute eta kasu bakoitzean higiene pertsonala edo arnas-etiketa bermatzeko beharrezko jotzen diren neurriak ezarriko dira.

 

Kirol federatuan, baldin eta dagokion kirol-modalitatean animaliek parte hartzen badute, kirola aire zabalean egin ahal izango da, banaka, haiek dauden lekuan, aldez aurretik hitzordua eskatuta eta denbora-tarte berean.

 

14 urtetik beherako eta 70 urtetik gorako kirolari federatuek banaka eta aire zabalean (instalazioetan ez) egin ahal izango dute kirola, egunean bi aldiz eta ezarritako ordutegian, udalerrian bertan eta entrenatzailerik gabe. Hau da, gainerako kirolari federatuek dituzten pribilegio berberak dituzte.

 

4.Eta 14 uretik beherakoen joan-etorriak?

 

14 urtetik beherakoek egunean paseo bat eman ahal izango dute, etxekoekin edo pertsona heldu batekin. Paseoa emateko taldean gehienez hiru haur joan ahal izango dira.

Paseo hori etxe inguruan emango da eta 12:00etatik 19:00etara (5.000 biztanletik beherako udalerrietan izan ezik, horietan ez baitago ordu-tarte mugaturik).

 

Heldu arduraduna haurraren gurasoa, tutorea edo legezko edo izatezko zaintzailea, harrerako gurasoa edo kuradorea ez bada, heldu horrek horien aldez aurreko baimena izan beharko du.

 

Gehienez ordubete atera ahal izango dira 12:00etatik 19:00etara. Erabilera publikoko edozein esparrutatik edo bidetatik ibili ahal izango dira, baimendutako berdeguneak eta naturguneak barne direla, baldin eta adingabeen etxebizitza dagoen udalerrian edo ondoko udalerrian badago eta hirugarren batzuekin gutxienez bi metroko tartea uzten bada. Haurrentzako aire zabaleko aisialdi-eremuetan ezin da sartu, ez eta kirol-instalazioetan ere.

Haurrek euren jostailuak erabili ahal izango dituzte, baina ezingo dituzte familiakoak ez diren beste pertsona batzuekin partekatu.

 

5.Etxe barruan onartuta al daude harreman sozialak talde txikitan?

 

Ez.

 

6.Osasun-arazoak dituzten pertsonak atera al daitezke etxetik ezarritako ordutegietatik kanpora?

 

Bai, baldin eta jarduera zehatz bat egin beharra ezartzen duen mediku-ziurtagiria edo -frogagiria baldin badute erakusteko.

 

7.Baimenduta al dago azalera handiko saltokietara edo antzekoetara erosketak egitera joatea?

 

Elikagaiak edo baimendutako produktuak erostera joateko, ahalik eta joan-etorri gutxien egin behar dira, eta hurbileneko tokietara joan behar da. Azalera handiko saltokietara edo horien antzekotara joan daiteke, bakoitza bizi den udalerritik hurbil badago.

Horrez gain, ohiko bizilekutik lantokira edo lantokitik bizilekura doan ibilbidean dauden saltoki eta azalera handietara erosketak egitera joatea baimenduta dago.

 

8.Mendekotasunen bat duten familiartekoak bisitatu al daitezke?

 

Bai, bisita egiteko, laguntzeko edo zaintzeko.

 

9.Mendekotasuna duen pertsona bat naiz. Arreta ematen didan pertsona etorri ahal izango da?

 

Bai.

 

10.Adingabeen zaintza aldatzeko mugitu al naiteke?

 

Bai.

 

11.Utzi al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura lanera joan behar badut?

 

Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen da.

 

12.Jaitsi al daiteke zaborra kalera?

 

Bai, hurbilen dagoen gunera, eta kalean ahalik eta denbora gutxien egon behar da, ezinbestekoa dena baino ez.

 

13.Maskota atera al dezaket kalera?

 

Onartutako neurri berrien arabera, paseatzera edo kirola egitera ateratzean edo haurren irteera kontrolatuetan txakurrak ere eraman daitezke, beti ere udal ordenantzak errespetatuz, osasun- eta higiene-neurriak betez eta jende gehiegi ez dabilela zainduz.

 

Era berean, maskota, orain arte bezala, atera daiteke banaka edo 14 urtetik beherakoek lagunduta, behar beste denboraz eta bizilekutik hurbil.

 

14.Joan al daiteke parkera, hondartzara edo mendira?

 

Bai, paseatzeko, kirola egiteko edo haurrak ateratzeko onartutako neurrien barruan.

 

15.Hondartzetan baimendutako jarduerak.

 

Hondartzetan paseatu daiteke eta kirola egin daiteke, baita itsasoan ere, dagokion udalak ezarritakoari jarraituz.

Ezin da aisialdiko bainurik hartu, ezta eguzkia geldi zaudela hartu ere.

 

16.Zeintzuk dira lurreko garraioan ibilgailuetan joan ahal izateko baldintzak?

 

Bederatzi plazara arteko ibilgailu pribatuetan ilara bakoitzeko pertsona bakarra joan daiteke, diagonalean, eta ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea. Ilara bakoitzean bi pertsona joateko aukera ere badago, baina kasu horretan aurpegiko maskara eraman behar dute.

 

Etxebizitza berean bizi diren pertsonak ibilgailu berean joan ahal izango dira, eta muga bakarra ibilgailurako baimendurako plaza-kopurua izango da, eta ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.

 

Ibilgailu batzuetan, beren ezaugarri teknikoengatik, eserlekuen ilara bakar bat egoten da, esaterako, ibilgailu astunen kabinetan, furgonetetan edo beste batzuetan. Horrelakoetan, gehienez ere bi pertsona joan ahal izango dira eta aurpegiko maskarak jarri beharko dituzte.

 

Bederatzi plazara arteko (gidaria barne) bidaiarien ibilgailu publikoetan gidariarena ez gainerako ilara gehigarri bakoitzean bi pertsona ere joan ahal izango dira, eta bidaiarien artean gorde ahal den gehienezko distantzia gorde beharko da, etxe berean bizi direnen kasuan izan ezik, kasu horretan hiru pertsona joan ahal izango dira.

 

Bidaiarien garraiobide publikoetan erabiltzaile guztientzat izango da nahitaezkoa aurpegiko maskarak erabiltzea, eta Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak errespetatuko dituzte. Bidaiarien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia, eta ahal bada bi metrokoa, egon behar da derrigorrean. Komeni da distantzia hori sarreretan, aretoetan eta itxaroteko eremuetan ere mantentzea.

 

Autobusetan gidariaren atzeko lehen eserlekua beti hutsik egon behar da, eta baimentzen diren gehienezko eserlekuen erdiak baino gehiago ezin dira okupatu. Bidaiariek hutsik izango dute aldameneko eserlekua, beste bidaiarietatik aldendu ahal izateko, etxe bereko pertsona ez bada behintzat.

 

17.Zein baldintzatan ibil daiteke motozikleta, ziklomotor eta L kategoriako ibilgailuetan?

Bi pertsona joan ahal izango dira,  baldin eta kasko integrala, biseraduna, edo maskara jantzita badaramete edota etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea ere derrigorrezkoa da.

 

18.Joan al naiteke familiarteko baten bila aireportura, geltokira…?

 

Ez. Bakarrik baimenduta dago adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki zaurgarriak diren pertsonei laguntzeko denean.

 

19.Joan al daiteke odola ematera?

 

Bai, osasun-agintaritzak deituta eta dagozkion neurriak hartuta.

 

20.Joan al daiteke bigarren bizilekura?

 

Ez.

 

21.IAT iraungita duen ibilgailu batekin zirkulatu daiteke.

 

Errege Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarria kontuan hartuta, bertan behera geratu dira Sektore Publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko epeak, eta haren indarraldia amaitzen denean hasiko dira berriz.  Egoera horietan zirkulatu daiteke.

IAT guneak irekitzen badira ere, epeak etenda daude.

Edonola ere, ez da onartuko gauden urtea baino lehenagoko muga-eguna badu.

 

22.Baserrietan edo landa-eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan-etorriak egin daitezke?

 

Bai.

 

23.Ordezkaritza sindikaleko eta patronaleko jarduerak egiten dituzten pertsonek zirkulatu dezakete eta joan-etorriak egin ditzakete?

 

Bai, baldin eta joan-etorri horien helburua langileei eta enplegatzaileei asistentzia bermatzea bada.